Berandu heldu nintzen etxera bart; afalduta zeuden pisukideak iritsi nintzenerako. Egongelan. Iluntzeari dagozkion kontuak egiten. «Ai zelako ondo, purie! Eskerrik asko!» esan nuen sukaldera sartzearekin batera. Platerkada bat zerbitzatu eta eurengana joan nintzen berehala. Arratsaldean gertatutakoak aletu, eta ni heldu aurretik zeukaten elkarrizketari ekin genion purea amaitu nuenerako.
«Bueno, orduan, zein materialekin dago eginda zuen bihotza?» esan zuen batek sofaren ertzetik. «Ondo pentzetan jatzue materialakin biherrien frutekin eitten bogu? Igual polittaue da» esan nuen. Gure ezaugarriak frutenekin alderatzen hasi eta azkar erabaki genuen zein den bakoitzarena. Melokotoia, azal leun eta hezur gogorragatik. Sagarra, hezurrik ez daukalako, eta ez delako erraza jakiten noraino jan behar den. Marakuia, azal gogor eta barru on-onagatik. Pikua ez dut azalduko, nirea da eta.
Goizean esnatu eta fruta dendara joan naiz besteak jaiki baino lehen: aspaldi da ez nuela frutaontzia betetzeko halako gogorik.