Asteburuan aspaldiko laguna analogikoki besarkatu, erakusketa batera joan, dilistak prestatu eta bi eztabaida elektoral ikusi ditut. Azkenengoaz mintzatuko naiz hemen. Zazpi eta zortzi alderdien arteko eztabaidez (atzokoaz, bosteko eztabaida ustez printzipalago eta izatez testosteronikoagoaz hitzik ez, plan hobea izan nuelako atzo). Hainbat gauzak harritu naute.
Ikaragarria da, hitzez hitz, eztabaida politikoaren maila zenbat lerratu den eskuinerantz eta espainiar nazionalismorantz. Bi eztabaidetan Ciudadanos eta PPko ordezkariak tematu dira PSOEkoei Espainian zenbat nazio dauden galdetzen, jakinda kale itsu batera bulkatzen zutela. Orain dela ez hainbeste, agintari sozialista batek Espainiako Konstituzioak nazionalitateez dioena aipatuko zuen. Egun, ezta hori ere. Konstituzioa ahotara maiz ekarri arren (artikulu jakin batzuk bereziki), aurrea hartu die ezkerretik.
Bigarren bitxikeria lagunarekin izan nuen hizpide, analogikoki: EAJk espainiar ezkerrekoen artean pizten duen miresmena (Madrilen aurkeztera Errejonek baino eserleku gehiago eskuratzeraino). Lagunak esan dit: «Espainian ez daude ohituta faxismoaren kontrako jarrera argia izan duen alderdi kontserbadoreetara. Ez dakite non kokatu».
JIRA
Bostekorik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu