Zarautzen hartu dut Gasteizerako autobusa. Bakarrik joateko gogoa nuen, liburuen eta aurikularren konpainia barik. Autobusaren ezkerreko aldeko leihoaren aldamenean eseri eta hain neure sentitzen dudan lur zatiari so egoteko gogoa nuen, besterik gabe. Gure amaren etxea ikusten da autobidetik. Bitxilorez betetako zelaiak, ardiak, moxalak eta behiak. Gidatzen ari naizenean ikusten ez dudan hori guztia. Begira joatea desio nuen. Gauza handia da berez. Txartela erakutsi, eskailerak igo eta aurrerantz egin dut poliki-poliki. Bakarrik zegoen jende gehiena, bakarrik bidaiatzeko gogoz antza; pasilloko aulkietan poltsak eta motxilak pilatuta. Begirada luzatu dut nire gustuko lekuren baten bila. Aulki librerik ez dut ikusi, baina aurrera jarraitzea erabaki dut nire irudipenak maiz hutseginkorrak direla akordatuta. Atze-atzeko lerrora iritsi naiz azkenean, eta han bai, libre zegoen ezkerreko leihoa. Traste guztiak aldameneko aulkiaren gainean askatu eta begiak ahalik eta gehien irekita egin dut bidaia. Bidean ikusi ditudan gasolindegi guztietan prezioa markatzen duten argi gorriei ez ikusiarena egin diet, autobusean bidaiatzeko motibo bakarra paisaia erromantizatzea dela sinetsi gurako banu bezala.
DO02
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu