Autoa trukatu dut ahizparekin. Aitaren furgoneta utzi dut eta amaren kotxea hartu. Ohikoa da trukea gure harremanean. Bakoitzaren beharren arabera erabiltzen dugu bata ala bestea. Asteburua etxetik kanpo pasatu behar duenak hartzen du furgoneta, hirian denbora gehiago pasatuko duenak hartzen du kotxea.
Pilotuaren aulkian eseri eta nire neurrira ipini dut dena. Antzeko altueran ditugu oinak eta begiak, baina komeni izaten da autoak norbere gustuen arabera preparatzea. Dena txukun jarri orduko arrankatu dut autoa, orduan gertatu da: ezagutzen ez nuen kanta batek egin du kotxea bere. Diskoa zein talderena ote den asmatu guran eta nire ahizpak zergatik aukeratu ote zuen pentsatzen pasatu dut aparkatu arteko ordu erdia.
Bidenabar taldearen diskoa zen, oraindik entzuteke neukana. Etxerainoko bidea irrifartsu eginarazi didate kantek, eta gauza handia da hori.
Nik ahizpari jarrita utzi nion diskoa zein den pentsatu dudanean barre egin dut berriz. Zirrara puntu bat sortzen didate besteen intimitateek gureekin bat egiten duten hau moduko momentuek.