oihana arana

Errorea

2026ko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aukerarik banu, nire idazmahaira gonbidatuko nituzke igandeak lasai egoteko direla esaten duten horiek guztiak, betaurrekoen atzeko nire begirada nekatuarekin topo egitean jartzen duten aurpegia ikusi ahal izateko. Tramite burokratikoak egiten pasatu behar izan nuen bariku goiza, edo hobeto esanda, tramite burokratikoak egiten saiatzen galdu nuen bariku goiza. Bi gauza dira saiatzea eta lortzea, eta nik horrelako kontuak, gogor saiatu arren, ez ditut berehalakoan konpontzen.

Webgune bat. Gero beste bat. Pasahitza. Errorea. Berriz jarri orain lehengo pasahitza. Ez dakit nongo ez dakit zein kode hemen. Robota ez zarela egiaztatzeko hiru galdera txatxu hor. Errorea. Negargura. Hogeita zazpi minutu telefonoaren bestaldekoak erantzun arte. Ez dela hori nire arazoa konpontzeko lekua. Email bat idatzi. Beste bi email. Negar saio bat. Eta bazkaltzera.

Egiari zor, ni ere banaiz igandeak lasai egoteko direla esaten duen jende klase hori. Nik ere gurago izaten dut domeka goizetan beste zerbait egitea. Baina gaur ere hemen nago, bariku goizerako planifikatu nuen lan hori guztia egiten, begiak pantailari itsatsita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA