Eskuin-muturra arrisku bihurtzen ari da Europan? Galdera ez dut nik egiten. Dutxara sartu aurretik, piztuta dudan telebistan entzun diot Alemaniako estatu-kolpearen saioari buruzko erreportaje baten esatariari, La Sextan. Hori da Euskal Telebistan galdetuko balute bezala ea telesail edo film gutxiegi ematen duten euskaraz.
Erantzuna ez dut aditu, dagoeneko biluzik komunera sartu bainaiz. Berdin izan zait, erantzuna jakin badakidalako. M-I5 britaniarrak orain pare bat urte abisatu zuen indarkerian aritzeko mehatxu nagusia eskuin muturreko taldeetatik zetorrela. Ez da halaxe iragarri duen munduko inteligentzia zerbitzu bakarra. Telebistetan, berriz, ematen du ez direla jabetu, edo ez jabetzearena egin dute. Dutxan nagoenez ez dakit, izan ere, notizia iruzkintzeko Eduardo Inda duten gonbidatuen artean. Ez zen harritzekoa izanen, aski ohikoa baizik, kate horretan.
Beste euskal herritar batek, Iker Jimenezek, III. Reichen aditu eta Historian doktore moduan aurkeztu du igande honetan bere telebistako saio ustez ufologikora eraman duen CEDADE talde nazizaleko kide zahar bat.
Alemaniakoak beldurra ematen du, bai, baina hemendik gertuago geure begien aurrean gertatzen ari dena ez da inor lasai uzteko modukoa.

JIRA
Eskuin muturluzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu