Angel Erro.
JIRA

Festondoa

2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sanferminetako jaietan murgilduta ibili naiz asteburuan. Jende askorekin elkartu naiz, baina ez naiz inorekin egon. Larunbata egun (eta gau) luzeena izan zen. Dibertigarriena ere bai. Ostiralak gehiago izan zuen frustraziotik. Kanpotik iritsi berri, guztia aldi berean egiteko (eta toki guztietan aldi berean egoteko) gogoak jo ninduen. Inora iritsi eta beste nonbait giro (are) hobea egonen litzatekeelako susmoak hartzen ninduen. Ondorioz, hortik gutxira hara mugiarazten nuen nire festakidea, harik eta hobekien etxean egonen ginela bururatu zitzaigun arte.

Esan bezala, hurrengo egunean hobeki eraman nuen nire mugatasuna, dibertsioak (edo dena delakoak) ni nengoen tokian egon behar zuela erabakita. Ez da beti erraza. Jaiak, egunerokoaren lerro bakuna lehertu eta biderkatzearekin, noizbait hil beharraren zorabioa erraz piztu dezake, beti zerbait galtzen ari zarela ohartzearena.

Agian, oparotasun horrexegatik, festa toki (edo une) ona da norbera paretik kentzeko ere, desagertzeko, zutaz ahaztu daitezen. Bai eta gobernua osatzeko negoziazioren bat aurrera eramateko ere, diskrezioz, notizietan agertu gabe. Kuria kalean ezer gutxi gertatu ez izana, isunen mehatxua... ezkutua dagoenaren agerkizunak ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.