Maialen Akizu.

Slogan on bat

2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Atzo turista bikote bat hormari argazkia ateratzen ikusi nuen. Turisten artean ere klaseak eta klaseak daude, eta hauek ile urdinduak ziren, luze eta meharrak, kapela, botikina, motxila eta Gabonetako arbolak adina zintzilikario izaten dituzten horietakoak. Beste sasoi bat izan balitz erromesak zirela esango nukeen, baina, negu garai honetan eta hormari argazkia ateratzen ikusita, oraindik ere lekuak bainoago herriak bisitatzen dituzten turistak gelditzen direla pentsatu nuen.

Hormari-hormari ez ziren ari erreparatzen, hormako kartelari baizik. Ingelesez ari ziren, eta nire ulermenak elections eta president kontzeptuak harrapatu zituen muskerrak mihiaz zomorroak nola. Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeez ari ziren. Urkullu ere harrapatu nien ingelesek hitzen azken silaban azentua jartzeko duten era horrekin. We are not all ondoren, eta is a good slogan esanda kamera zorroan sartu eta aurrera segitu zuten. Joandakoan ohartu nintzen horman zer zegoen: herriko presoen aurpegiak zituen kartela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.