Eguerdia zen, zerua urdin zegoen, zentzurik eta etorkizunik gabeko lantegi batean nengoen sartuta, bati deitu, besteari idatzi, oraingo lanak xelebreak dira, harremanak dira inportanteena, eta lagunak egiten ematen duzu eguna gauaren beltzean bakarrik esnatzeko, baina bueno, esan bezala, zerua urdin zegoen, beherago kartzela zaharra ikus zitekeen, ondo etortzen da gauzak okertzen hasten direnean, baldintzapeko askatasuna ez zaizu hain txarra iruditzen, pixagurari eusten ari nintzen mezua idaztea bukatu arte, gainontzean eguna ondo zihoan astelehena izanagatik, gutxi falta zitzaidan lanetik irten eta etxera abiatzeko, han ere lana neukan zain baina. Errotarri azpiko artalea sentitzen naiz baikor nagoenean, ezkor naizenetan arta-irina, eta normalean artaburua.
Gizon bat tokatu zitzaidan autobus geltokian. Presaka bezala gurutzatu zuen errepidea, eta gehiago eutsi ezinda-edo, bertan hasi zen maskuria husten, errepidera begira. Autoetako gidariek ez zioten kasurik egiten. Une horretan, zertan ariko zen pentsatzen gizona, zer sentituko zuen, zer axolako zitzaion? Hasi ote zen gura eta beharraren arteko ñabardura madarikatzen?
Etorkizuna zerua bezain garbi ikusi nuen bat-batean.
Jira
Gura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu