Hasi da Lakuntzan Hatortxu Rocken azken edizioa. Horren aitzakian Egon ez zaren lekuetara itzultzeko izeneko film laburra egin dute. Film laburrak dispertsioaren amaieran etxerako bidea hasia duten lagunen jarreran jartzen du azpimarra. Iloba eta izeba dira protagonistak. Mendi buelta bat egiten ari dira elkarrekin. Izebak ilobari mendira sarri joaten ote den galdetzen dio eta honek erantzuten dio lanean hasi denetik gutxiago etortzen dela. Ea lanean gustura dabilen galdetzen dio izebak, eta «bueno» batekin erantzuten dio gazteak, «ez zela hori hasierako ideia». Hasierako ideia. Izebari galdetzen dio kontu horregatik: «Zein zen zure hasierako ideia?». Andreak dio lehen dena oso ezberdina zela, bazituela bere planak, baina karrera ez zuela bukatuko uste zuela, eta begira, azkenerako frantsesa ere ikasi duela.
Hasierako ideia. Mende laurden pasa iragan duen Hatortxuren hasierako ideia ere segur aski ez zen izango amaierako hau. Uste dut errazagoa dela gauzen bukaera ikustea hasiera baino. Nork esan lezake hasierako ideia bete duenik?