Elkarren antz handia dugula infinitugarren aldiz entzun ondoren, elkarrekin afaldu genuen ahizpak eta biok eguaztenean. Hark erabaki zituen jatetxea eta menua, askotan gertatzen da hori, ezagun du erabaki txikiak hartu beharrak sortzen didan antsietatea. Pozik egon ginen, goxoa zen lekua, zaindua. Kontuarekin batera karameluak ekartzen dituzten jatetxe horietako bat. Gure ahizparen etxetik gertu samar.
Karameluen momentua izan zen ederrena. Mahaiaren gainean utzi nituen kristalezko poto batean ekarri zizkiguten lau karameluak eta gehiegi pentsatu barik ekin nion banaketari, inon idatzita ez dagoen lege zaharrari jarraikiz. Gorria niretzat, berdea zuretzat, laranja niretzat, horia zuretzat. Irribarre egin zuen ahizpak. Hari gehien gustatzen zaizkion karameluak dira niri gutxien gustatzen zaizkidanak, eta alderantziz. Erabatekoa da adostasuna.
Karameluak hartu, kontua ordaindu eta elkar agurtu genuen berehala. Etxera bera, autobusera ni. Autobus geltokian karamelu gorria ahoratu eta zera pentsatu nuen: dena bere lekuan dagoela sentitzen dudan momentuetan baino ez dut pentsatzen betiko biziko nintzatekeela.