Ondo akordatzen naiz egunarekin. Karrerako lehenengo urtea zen, astebete baino ez neraman gurasoenetik kanpo bizitzen. Klasetik irten eta berehala joan nintzen etxera. Bazkaria prestatzea tokatzen zitzaidan. Bidean behar nituen osagai guztiak erosi eta lehenengo aldiz kozinatu nituen lentejak. Ez dakit non topatu nuen errezeta, ezta zenbat denbora behar izan nuen ere. Zapore bikaina zutela bai, hori badakit. Are, berriz hain lenteja onik sekula kozinatu ez dudala esatera ere ausartuko nintzateke.
Gaur ere lentejak prestatu ditut bazkaltzeko. Goxo daude, baina ez orduko hartan bezainbeste. Horregatik akordatu naiz anekdotarekin. Orduan erabilitako osagaiak erabili ditut, baina beste sukalde bat da, beste lapiko bat eta beste bizimodu bat. Orain badakit zelan kozinatu behar diren lentejak, badakit kantitateak neurtzen, ez dit beldurrik ematen presio eltzeak… baina zerbait falta zaie, hala ere. Lehenengo aldien poz hori izango da, seguruenik. Ez da gauza bera pauso bat lehen aldiz ala enegarren aldiz ematea. Ohitura da gure gaitzik handiena. Gatz pixka bat bota diet, badaezpada. Ea zertxobait mejoratzen diren.