Izaten dira ba egun batzuk non ohean geratzea ez den dena arriskutsua den… ba halakoak izan dira gure azken egunak. Merkurio atzerakoian gaude, hori izango da. Merkurio atzerakoia berez zeruan sortzen den ilusio optiko bat da: Merkurio planetak zeruan atzerantz egiten duela dirudi. Ondo begiratzen jakinez gero, noski. Eta horrek hainbat eragin negatibo omen ditu lurtarron bizitzan. Martitzena (edo barikua) eta 13 izatearen parekoa da, baina urtean hiruzpalau aldiz eta 20 eguneko iraupenarekin.
Ni jaio nintzen egunean ere merkurio atzerakoian geundela jakin dut hau idazten ari nintzen bitartean. Ez dakit horrek zer esan nahi duen zehazki.
Noan harira, egun hauetan garbigailua izorratzen bazaizu, autoa bateriarik gabe geratzen bazaizu, zure praka gustukoeneko botoiak desagertzea erabaki badu… Lasai egon. Ez zara zu. Merkurio da. Berea da urriaren 24tik azaroaren 13ra bitartean gertatzen zaizkizun gauza txar guztien ardura. Astrologiak bizitza esplikatzeko balio duela esaten duten pertsona horietako bat bazara, honezkero badakizu hala dela. Eta ez bazara, ez horregatik. Seguru ondo datorkizula dena zeure buru karratuaren ardura ez dela pentsatzen hasteko aitzakia zerutar bat izatea.