oihana arana

Oparia

2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ortuari eskaini genion atzoko goiza pisukideak eta biok. Praka laburrak, gomazko sandaliak eta kamiseta zahar bana jantzita agertu ginen etxaurrera gosalostean. Sorbaldan atxur bana hartuta egin genituen ortura arteko hamar pausoak. Udako landareak kendu eta negukoak ipintzea zen asmoa. Nire urtegunaren aitzakian neguko landare batzuk oparitu dizkigu-eta asteon ortuari buruz guk baino dexente gehiago dakien lagun batek.

Udazken betean egonagatik, majo berotu zitzaizkigun kokoteak goizeko orduetan eguzkiak inbaditzen duen gure lursailtxoan. Kexaka hasi nintzen berehala. «Hau da hau erregalue», esan nuen txantxa tonuaz, «goiz osoko lana!». Barrez erantzun zidan hark: «Ura ekarriko dut biontzat».

Izerdiak izerdi eta kexak kexa, txukun gelditu zitzaigula uste dut. Udakoa baino eleganteago, are. Atxurrak beren lekuan utzi, dutxatik pasatu eta ostera ere joan nintzen gure lanaren emaitza ikuskatzera. «Eskerrak existiruten dan negu bete poz erregaletan dakixen jentie», pentsatu nuen neure artean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA