Angel Erro.
JIRA

'Saludiko' bat

2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Nerabe nintzela bazen irratsaio bat, Iruñeko espetxeko presoei (preso sozialak ez zirenei, bien entendu) senideek eta adiskideek agurrak bidaltzeko baliatzen zutena. Inoiz harrapatu nuen. Agur gehienak erdal nafarreraz izaten ziren: «un saludico a los presos», memoriak huts egiten ez badit. Nik ez nuen nor agurtu, baina gizalegetsua neritzon agurren segidari. Zer esatea du batek, jendaurrean bada ere, bi pertsonaren arteko solas pribatu edo maitasun adierazpen batean?

Halako beste agur batek harrotu duen hautsa oraindik ez da pausatu, bereziki koalizio politiko baten buruak anplifikatuta agurrak eztabaida publikora jo duenez gero. Halere, bada ekaitz hori ematzen saiatzeko hamaika bide. Haietako batzuk leitu edo adituta egonen zarete zuek ere. Ni gutxien konbentzitu nauena da Pello Otxandianok, lehen aipatutako koalizioaren programa zuzendariak, atzo Radio Euskadin eskaini duena: «Demagun guardia zibil batek Enrique Rodriguez Galindo lankidea espetxetik ateratzeko desira adierazten duela; hitz horiek ere ez lirateke gaitzesgarriak». Seguru? Denok dakigu nola hasiko ginatekeen, onartezina dela eta gerra zikina zuritzen ari dela esaka.

Saludiko bat, nik ere, Galindorekin konparatzerik ez duten nire lagun guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.