Manuel Azañak esandakoa da espainiar estatuan sekretu bat gordetzeko modurik onena liburu bat idaztea dela. Ez du liburu bat idatziko ordea Espainiako Gobernuak: lege proiektu bat onartuko du lehendabizi, lege testu tramitazioa hasi gero, isunak finkatu ondoren. Bitartean, sekretu izateari utzi dioten tortura kasuek ez dute erantzulerik, ez dute erantzunik, ez dute irakurlerik.
Nerea Ibarzabali irakurri nion badirela estatu mailako sekretuak, gutun azal marroixka klandestinoetan edo disko gogorretan ezkutatuak, batzar gela ilunetan giltzapetuak, heriotzaz mehatxatuak, informazio gorenak, arriskutsuak… Eta, gero, horien guztien gainetik daudela etxeko kontuak. Gurasoek ahalegin berezia egiten dute zuk ezberdindu zenitzan lagunei kontatzeko moduko gauzak eta kontatu ezinekoak, eta horrela, pixkanaka ulertzen duzula gerta dakizukeen gauzarik txarrena dela zutaz baino, zureez gaizki hitz egitea. Ez dakit lege proiektu hau estatu mailako sekretuez edo etxeko kontuez ari den.