Akorduan dut autobusean joan ginela. Eibarren askatu gintuzten. Hiru egun iraun zuen sufrikarioak. Apunte guztiak eraman nituen motxilan, baita poltsa bete gominola ere. Azukreak zerbait pizteko balioko zuela uste nuen, edo tripako mina justifikatzeko arrazoi ukigarri bat izan nahi nuen eskura. Ez dakit.
Gero zahartzen zara eta ez da hainbesterakoka pasatzen duzu ekain hasiera oro. Esaldi gorrotagarriak esan eta esan. «Guk ondo pasau gauen»; «Itxafleruek bota zitxuzten gero mutillek parkiñien»; «Espero nauena baino errezaue izen zan»...
Baina benetan pentsatu eta grina nerabe bat sentitzen duzu hestegorrian gora. Berbak batak bestearen atzetik botatzera zaramatzan indar bat. Tripatik egiak baino ez dira esaten. Kontua ez da erraza den ala ez. Kontua ez da zuk ondo pasatu zenuen ala ez. Kontua ez da behar zenuen nota lortu zenuen ala ez. Kontua ez zara zu. Azterketa horiek zertarako diren, noren bizitza baldintzatzen duten, noren interesak betikotzen ditutzen… hori da kontua.
Akorduan dut autobusean joan ginen klasekide horietako gehiengoak unibertsitate pribatuetan ikasi zuela gero. Eta hor beste zenbaki batzuek agintzen dute.