Aitita eta amama izan ziren, haiekin hartu nuen gogoratzen dudan lehenengo hegaldia. Parisera joan ginen. Oraindik bete barik genituen sei urte. Txikle bana ahoratzeko agindu ziguten aireratu aurretik. Oraindik mantentzen dut ohitura.
Ostirala da gaur niretzat. Hondarribian hartu dut Bartzelonara naraman hegaldia. Ez naiz hegaldien oso zalea, hegaldi hitzaren zentzurik zabalenean, baina tira, onar dezadan idazteko leku ona dela zerua.
Hegazkina zapaldu eta atzo erositako marrubizko txiklea atera dut poltsikotik ezer baino lehen. Arauak dioen triptikoari begiratu diot gero. Paperezko poltsatxo bat zegoen haren aldamenean. Botaka egiteko poltsa horietako bat. Bakea ematen dit zorabiatuz gero botaka erdi duinki egin ahal izango dudala jakiteak. Altzoan hartu dut poltsa «If you feel more than butterflies in your stomach…» dio. Lurrean naiz berriz. Funtzionatu du txiklearenak. Motxilan sartu dut poltsa, hala ere. Sekula ez da jakiten noiz beharko duzun maitasun poema bat idazteko paper bat. Eta nekez topatuko dut hau baino egokiagorik.