Bilkura izan dute Etxe Zurian. Estatu Batuetako presidentea Gabon, Ginea-Bissau, Mauritania, Senegal eta Liberiako ordezkariekin bildu da. Azken horretako presidente Joseph Boakairekin harrituta gelditu da Trump. «Zeinen ingeles ona duzun, zein polita. Non ikasi duzu horren ondo hitz egiten? Non egin dituzu ikasketak? Liberian?». Boakaik egiten dion begiratua ikustekoa da. Irmo erantzuten dio. «Bai, jauna». Trumpek jarraitu egiten du, gurasokeriaz jarraitu, ironikoa izateko berdaderoegi jarraitu. «Zeinen interesgarria, benetan, zeinen azentu egokia duzun. Mahai honetako askok ez du horren ondo hitz egiten». Trumpen eskuinetara dauden ordezkari yankiek ez dute euren aurpegi memeloa kanbiatzen. Liberia Estatu Batuen kolonia gisa sortutako herrialdea da, emantzipatzen ari ziren esklabo beltzak Ameriketan integratu beharrik ez izateko sortua, besteak beste. Hogeita hamar hizkuntza inguru hitz egiten dira, baina ingelesa da hizkuntza ofizial bakarra.
UEMA eta Siadecoren azken ikerketaren arabera, 2036an Hego Euskal Herrian bizimodua nagusiki erdaraz egingo da. Eta orduan ere esango digute, erdaraz zeinen ongi hitz egiten dugun.