Charlotte Haley izeneko andre batek abiatu zuen dena. Bularreko minbiziaren berri emateko eta fokua prebentzioan ipini behar zela aldarrikatzeko sortu zituen xingolak. Hango eta hemengo kazetariei, politikariei, oinezkoei... bidali edo eman zizkien xingolak. 1992a zen eta mertxika kolorekoak ziren xingolak, haren kolore gustukoenekoak.
Arrakastatsua izan zenez, berehala lapurtu zioten ideia: aldarriz hustu eta arrosa kolorez margotu zuten xingola. Horrekin batera hasi zen apurka-apurka gaixotasuna marketin estrategia bilakatzen. Tetayteta kolektibokoek dioten moduan, ukaezina da enpresa pribatuek eta euren markek gaixotasunaren ikusgarritasunean eragina izan dutela, baina ezin dugu ahaztu gaixotasuna euren mesedetan baino ez dutela erabiltzen, eta kanpaina arrosekin eskuratutako mozkinen ehuneko lotsagarriki txiki bat baino ez dutela inbertitzen minbiziarekin lotutako ikerketa edo bestelakoetan.
Harrigarriki da luzea urrian orokorrean, eta atzoko egunez zehazki, jendearen bizitzetan eragin erreala duen gaixotasun larri honen kontura aberasten direnen kopurua. Eskerrak kaleak aldarriz betetzen dituzten Charlotte Haleyak ere badirela gurean.