Parisen izan naiz inoiz, baina ez zait behin ere suertatu Louvren barneratzea. Nik denbora faltari egozten diot neure biografiaren akats larri hori. Museoaren web-orriak dio asteazken-ostiraletan hamabi orduz segidan irekitzen dutela: horietakoren bat beharko nik.
Gomendatzen dituen hamar obretan bat hautatzekotan, Hammurabiren Kodea bilatuko nuke lehenik, eta aipatzen ez dituenetan ere —ikusgai 35.000 omen— Ekialde Hurbileko zahar-gauzak (Kirikiñok hala zeritzen, baina ez kariñoz).
Narundi jainkosa Richelieu hegalean omen dago. Albotik igaroz gero erraz asmatuko nuke bera dela, madama galant bat baita, metro pasatxokoa, hiru lehoi parez apainduriko aulkian eseria eta lumak-edo elkarren gainka jarriak dituen kanakaz jantzia.
Ez dakit argi dagoen zer-nolako jainkosa den. Argi dago, ostera, eskaerak egiten zitzaizkiola. Bera goi eta behe ikusi ondoren, akadiera kuneiformeaz eta elamera linealaz non edo non dituen idazkiak aztertuko nituzke, miraz, guztia ulertu nahirik eta ezer ulertu gabe.
Elamera lineala orain gutxi deszifratu da, horrelako testu elebidunei esker. Deszifratzea eta ulertzea ez dira bat, zeren eta idazkera linealaz jasotako elamera zaharra (K.a. 2600-1500) aldez bakarrik baitator bat kuneiformez idatziriko elamera akemenestarrarekin, hau milatik gora urte geroagokoa denez gero (K.a. 550-330).
Elamera zaharra Narundiren lehen hizkuntza zatekeen Elam aspaldiko exonimoa da, eta Hatamti bertako izena, halako idazkietan berriki aurkitua. Ez du corpus handirik: 51 testu eta zatiak omen, bi mila bat zeinu guztira; berdinak kendurik, 72 ikur fonografiko (hots edo silaba) eta haien aldaerak.
Narundiri zer eskatuko berehala etorri zait burura: Irulegikoaren garaiko idazki gehiago. 51rekin konforme ni.