Lehengo egunean lagunei entzun nien AA egunero zabalik dutela, eta are bidaiak antolatzeko zein bitkoinetan aritzeko erabiltzen dutela. Ni duela pare bat hilabetetik hona ari naiz saiatzen maizago, haiek baino helburu mugatuagoekin bada ere.
Lehenengoz ikasle baten laneko edukiak hortik atera ote ziren jakiteko ireki nuen. Ikasleak Aranbillaga Ziburuko apaizak 1684an argitaratu zuen Kempis-en De Imitatione Christi-ren itzulpena aztertu behar zuen. Gure literaturaren historietan autore horrek ia ez du lerro bat ere hartzen, eta inork ez du inoiz bereiz aztertu. Hauxe esan zidan AAk (lagintxo bat baino ez): «Aranbillagaren itzulpen eta egokitzapenean, euskarazko hizkuntza baliabideak erabiliz, Kempisek sortutako espirituaren eta mezuaren zorroztasun eta sakontasuna mantentzen saiatzen da. Lan hau garai hartako euskarazko idazkera eta pentsamenduaren eredu garrantzitsu bat da, eta euskaldunen artean erlijiozko pentsamendua eta praktika indartzen lagundu zuen». Ulertu nuen ikaslea liluratzea, zinez, burutik buru asmaturikoa izan arren.
Azken saioa niretzat izan da. Europako inprentan, XVI. mendean, ohikoa zen esan-en ordez esâ jartzea lerroan kabiarazteko. Diakritikoen erabilera horretaz galdetu diot AAri, eta erantzuna aski zentzuzkoa iruditu zait: badago hor ideiarik.
Erreferentziak eskatu dizkiodanean —horiek gabe ideiek ez baitute deus balio gure alorrean—, orduan etorri dira kontuak. Besteak beste, nire neure apokrifo batez gain, Gorrotxategiren artikulu bat irakurtzea gomendatu dit: «Sobre la grafía de los textos vascos antiguos». Zergatik gomendatu, eta honegatik: «Artikulu espezifikoa da, zehazki grafia-antolakuntzari buruzkoa. Diakritikoen erabileraren aldakortasuna eta arazo metodologikoak azaltzen ditu». Erreferentzia zehatza ere eman dit, baina, tamalez, orrialde desiratu horiek Gorka Elordietaren Intonation in a Pitch Accent Variety of Basque artikuluaren barruan kokaturik daude ASJU aldizkariaren zenbaki hartan.
Bitkoinetan aritzen den nire lagunaz gogoratu naiz.