Iñigo Aranbarri.

Aberri asmatuak

2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pilarika eguna gaur. Ama Birjina Garotakoa gure zaharrentzat, jo eta sega aritu beharra baitzegoen ira biltzen gure mendi-pentzeetan, negua baitator eta abereek etzangua ere behar. Jaiak haren omenez Lekunberrin, Gartzainen eta, noski, Gasteizko Pilar auzoan.

Iratze okre geldien artean barik, jaspezko zutabe eder baten gainean agertu zitzaion Ama Birjina Santiago apostoluari Ebro hegian egun batez, gizona ebanjelizatze lanetan zebilela inguruetan, etsitu samartuta, antza, jaramonik egiten ez ziotela eta. Hortik Pilar, zutabetik.

Ama Birjina harroin gainean Zaragozan eta Santiago mairu-hiltzailea Compostelan ehortzia, halako pagotxarik, botere politikoak esku-eskura zuen biak uztarri berean lotzea Espainia, orain diogun bezala, «erdigunean jartzeko». 1807an agindu zuen Pio VII.a aita santuak izan zedin urriaren 12a ospatzekoa erresuma osoan. Eta hala, borboitarrek, belaunaldiz belaunaldi, «batasun nazionalaren» irudi bilakatu zuten gaurko eguna.

Eta kasualitatearen ederra, norbait ere gogoratu egun horrexetan heldu zela Kolon Ameriketara. Ez zen aukera galdu: «bi munduen arteko zubia sendotzeko», 1914an ospatu zen aurreneko aldiz Arrazaren Eguna. Gerokoa da Hispanitatearen Eguna, bi euskal herritarrek Argentinan asmatua, Abadiñoko Zakarias Bizkarra ponte-igelak eta Ramiro Maeztu gasteiztar burutsu monarkikoak. Eta halaxe, egokiagoa zelakoan eman zion azken bedeinkapena egunari Francok berak 1958an, Santa Teresaren beso ustelgabea zuela logelan.

Hispanitatea, Arraza, Amerikaren konkista, Palestinan bizi zen Ama Birjina eta harrizko txalupan Compostelara heldu zen apostolua Zaragozan, Borboiak eta aita santuak… Guardia Zibila eta Legioaren ahuntza baino ez ziren falta eguna biribiltzeko.

«Euskal Herria abertzaleen asmakizuna da» diotenean, baietz esan beharra dago Lazarragaren eta Axularren letren gainean, eta zintzo aitortu inbentatzen hasita, ez zirela auzokoak bezain fin ibili. Botere politikoaz gain droga psikotropiko poxi bat eta Mitoaroko idi buruak izan zituztela ments agian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.