Hedoi Etxarte

Abiadura radarra

2025eko abenduaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oroitzapen bakarra daukat Iruñetik Donostiarako Leitzarango autobidea egin aurrekoa. Egun euritsu bat izan zen, aita eta biok bakarrik joan ginen autobusean eta oso iluna iruditu zitzaidan Donostia, txikia, ez zuela gure amatxik kontatzen zuen 1930etako Donostia distirant eta alai haren inolako antzik. Zurezko figura bat erosi zidan aitak, pirata batena, egurrezko hanka eta guzti eta txalupatxo bat, logelako liburuen aurrean jarri nituen aurreneko objektuak izan ziren.

Horretaz gogoratu naiz asteon, Leitzaran zeharkatzean. Aldiro datorkit flashen bat: autobide hura zeharkatzea autobusez, larunbat goiza Amaran pasatzera gindoazenean Nicolescurenera, nola hartzen genuen Iruñean existitzen ez ziren txokolatezko napolitana goxoetako bat Arco merkatalguneko okindegian.

Urruneko haiek bezain gertu daukat pandemian birritan gurutzatu nuela Neskamearen ipuina telesailekoa zirudien kotxerik gabeko autobide hura, batean taxiz, bestean kotxe pribatuan. Ordurako obretan ari ziren, tunelak berritzen, bidea. Bost urte joan dira eta berdin segitzen du kontuak. Mezua politikoa da: administrazioarekin aberasten diren eraikuntza industriek ez dute dirua irabazten lanak egiteagatik. Proiektu kulturaletarako dirulaguntzatxoek demostratu behar duten bitartean proiektuak bukatzen direla, benetan dirua duten gobernu partidetan «lanean ari direla» erakutsi behar da. Horregatik ez dira Leitzarango konponketa lanak bukatzen, horregatik ez da bukatuko AHTa, aberats egitea ez bukatzean dago, gero eta gehiago iraun orduan eta ustelkeria legal handiagoa.

Eta ordea, gaurkoak ulertzen ez dudan fenomeno psikologiko bati buruzkoa behar zuen, ez lurrarekiko kezkari ala probintzietako kapitalismoari buruzkoa. Ez dut ulertzen. Zergatik radar batek gehienez orduko 60 km markatzen badu aurretik 130ean zetorrena jaisten den 40ra. Kiroltasunez hartzen dut baina ez dut ulertzen. 80koan 50era joanda seguruago doa, konforme, baina agian pentsatuko du bestelako onuraren bat duela, ala radarra gaizki kalibratuta dagoen beldurrez jaisten du, halako batean, hainbeste abiadura?

Zalantza horrekin itzuli nintzen asteazken eguerdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.