Goizalde Landabaso

Adiskidetasuna

2025eko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jogurtak iraungitzear zeudelako merkeago jarri zituzten dendan, eta hamabiko pack bat bi eurotan eros nezakeela esan zidan dendariak. Iraungitze data erosi eta bi egunetara gertatuko zen. Ezetz esan nion dendariari, eguneko seina jogurt lar zela. Dendariak gainetik kendu nahi zituen, eta ni konbentzitzeko ahaleginak egin zituen. Jogurtak adiskidetasuna bezala zirela esan zidan, betiko. Nik ez dut uste adiskidetasuna betiko denik, izan liteke, baina ez da zertan izan. Pentsa zenezake horregatik ez nituela jogurtak erosi, baina ez, jogurtak maitatzen jarraitu nahi nuen. 

Cristina Rivera Garza idazle mexikarrak uste du adiskidetasuna dela gorroto makina bihurtu den mundu honi aurre egiteko dugun tresna bakarra; baina, zenbat geruza du adiskidetasunak? Dibortzia gaitezke lagunengandik? Uste dut Marina Garcesek adiskidetasunaz duen ideiatik hurbilago sentitzen naizela. Giza harreman guztiak legez, gorabeherak izango ditu lagunen artekoak, eta maiz, hautsi egingo da. Zelan adierazi edozeini lagun batek utzitako osina zulo beltz bilaka litekeela, eta triste zaudela, eta gaizki? Gizarte honek ere mailakatu ditu zeinengandik senti dezakezun mina, eta zenbat den min hori. Nik lagun hausturak izan ditut, atseginak izan ez diren horietakoak, gainditzeko laguntza eskatzera eraman nautenak. Beste giza harremanetan bezala, perbertsioa eta abusuak ere badaudelako, eta gutxiespenak eta gorrototik hurbil dauden egoerak bizi ditzakezulako. Adiskidetasunak eragiten duen idealizazioa suntsitzearen aldeko da kataluniar filosofoa, eta horregatik mahai gainean neure begiradaren zain dago Garcesek idatzi duen saiakera; adiskidetasunak, sarri, iraungitze data duelako.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.