Blanca Urgell

Aitite-amamak

2026ko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaren lagun guztiak amamak dira Gasteizen, bera izan ezik, alaba honek seme-alabei amona irakatsi baitzien joera hori hasi baino lehen. Kalean ere amama gero eta sarriago entzuten dut erdaraz, dela umeen, dela amonen euren ahotan.

Asteburuan bere buruari aitite deritzon gasteiztar batekin izan nintzen hizketan. Ez dut nik aitite asko ezagutzen, gure osaba Luis zenaz besterik, baina aititez ere bete da Gasteiz. Euskaltzaindiak jai du gurean aitita-rekin eta inor gutxiri axola izango zaio mendebaleko euskararen aitite-amama ustez bakarrik direla Gasteizen egokiagoak, Landuccik asabeama eta asabeaita jaso zituenez gero.

Nolanahi ere, hizkuntzak elkarrekin bizi direnean batak besteari eman eta har dabiltza etengabe, norabide bietan. LĂ³pez de Gereñuren Voces Alavesas-en amaiquetaco, amarreco, burdinara, burrunbada, cil, ciricar eta cirri-cirri neke gabe aurkitzen dira, euskaldun zirenen ondorengoek XX. mendera arte gordeak, euskarazkoak zirela jakin gabe agian, adierazkorragoak zirelako, beste hitzik ez izan edo ez ezagutzeagatik, etab.

Geruza hari beste bat gainjarri zaio gaur, D ereduko ikasleen gaztelaniako euskal maileguak: la ariketa, el maisu, la arbela, la gela, el errotulagailu… Umeek hitz horiek behar dituzte eskolako zerez ari direnean, eskuarki ez baitute erdaraz ikasi genuenok ikasi genituen haien erdal ordainak ikasterik izan.

Nago amama eta aitite ez ote diren bide beretik sartu Gasteizko etxeetan, maisu-andereñoek umeei irakatsirik. Alabaina, besterik ere balegoke. Izan ere, halako hitzak erabiltzeak talde jakin bateko kide bihurtzen gaitu (euskaltzalea, abertzalea) eta ez erabiltzeak talde horietatik at koka gaitzake. Bestalde, baliteke abuela/-o estigmatizatuxe izatea ere, norbait zaharra dela adierazten duten beste hitz batzuekin batera (cf. Urretabizkaiaren Zahartzaroaren maparen bila, 2025).

Gure umeek eskolatik ekarritakoen artean xelebreenak aditzak dira: biderkatuar, zuzenduar-eta, euskal partizipioaz eta erdal aditzen -ar atzizkiaz eratuak. Ezustean, Gereñurenean ere amirutuar topatu dut, miru ‘alper-harria’ hitzetik sortua, mirutu aditzari a- erdal aurrizkia eta -ar atzizkia erantsiaz. 

Deus berririk ez eguzkipean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE