Gure Alaña gizon luze eta argala zen. Aitaren ofiziokoa eta, horregatik ere, aitaren adiskide handia. Serio demasa izan arren, aurpegia aldatu gabe izugarrizko xextoak botatzen zituen, noiz harritzen, noiz barrez leherrarazten gintuztenak.
Izaten da tarteka aspaldiko norbait burura dakarkigun zerbait, eta nire oraingo madalena Roberto Gonzalez de Viñasprek, Ibon Olaziregik eta Pedro Uribarrenak elkarrekin ondu duten Toponimia histórica y contacto vasco-románico liburua da, Gaubeako eta Erriberagoitiko iparraldeko (Araba), eta Berberana eta Junta de Villalba de Losako (Burgos) toponimia aztertu gabea bildu eta aztertu duena.
Liburuaren aurkezpenean nork gure gogokoak, eta nik Alaña gogokoena Gonzalez de Viñaspre euskaltzainak guretzat aletu zituen perletan. Haren hipotesia da, bada, gure harana-ren forma erromantzatua edo erromantzeztua dela, han, euskara-gaztelania ukipen estua izandako ingurune hartan, euskara galdu eta erromantzea gailendu zenekoa. Erdi Aroko Euskal Herri handiago haren noizbaiteko alderdirik ipar-sartaldekoenean, Bizkaiko Enkarterrietan hasi, Aiaraldetik igaro eta aipatutako eremuan barrena zabalduak baitira, dela Alaña bera, dela Araña kidekoa (ez baita armiarmaren izena), ez beti, baina bai nahikotan bertako haranen izen gisa erabiliak.
Kontua da erdaldunek ñ bihurtu zituztela hala latinetik nola garai bateko euskaratik zetozen n bikoitz edo indartsuak (ahoska bedi italiarren madonna bezala): lat. capanna-tik gazt. cabaña dugu (eus. Kapanaga, kasu) eta, gure adibidean, eus. Haranna-tik Araña edo —are aldatuago— Alaña.
Zergatik l eta ez r? Askotan gertatu da. Viñasprek Ocaranduya (1775) dakar, Ocalanduya bihurtu dena. Niri Uribarri / Ulibarri zalantza ezaguna datorkit burura, non Uri- euskarazkoa den (‘hiria’) eta Uli- erdaldunek euren erara aldatua. Ondorio bera dugu Gipuzkoako Bergara Arabako erdaraz Vírgala deritzen herrien izenarekin erkaturik (Donemiliagako goldean Birgara, 1025).
Arabatik Arabara, Alaña batetik bestera. Harako hark zioenez, emakumeak bizipoz pixkat ere behar du.