Heraklitok Panta Rei esan omen zuen edo, Jean Etxepare mirikuak itzuli zuenez (1910), dena badoatzi. Eta guk hori badakigu eta ez dakigu, dena aldi berean. Izan ere, hamaika kontu aldagaitzat ditugu, ziplo aldatzen diren arte. Aldagaitza zen Nevado del Ruiz sumendia han urrutian ikustea, 69 bat urtez lasai egon eta gero, 1985ean Armero herria akabatu zuen arte, duela astebete gogoratu digutenez. Ez dago esaterik zenbat holako dauden Historian, baita norberaren historian ere. Gure niaren pertzepzio aldagaitza, bat-batean geure burua lurretik jaiki ezinik aurkitu arte. Maite ditugunen presentzia aldagaitza.
Txineraren idazkera aldagaitzat daukagu denok, beharbada, duela 3.000 bat urteko lehenbiziko lekukotasunetatik gaur arte, non karaktere horiek non-nahi ikusten baititugu begien aurrean dugun edozertan.
Lehengusuak uste hori erdia ustela dela jakinarazi dit. Antza, Txinako gobernuburuak jabetu zirenean informatikaren etorkizuneko garrantziaz, euren idazkera alde batera uztekotan izan ziren serioski. Zergatia ez zen nolanahikoa: teklatuak ehun tekla inguru izan ohi ditu, eta txineraren idazkerak 50.000 bat karaktere. Ohiko hizkuntzan 3.000 baino gehiago erabiltzen ez badituzte ere, hor nonbait, teklaturanzko jauzia ezinezkoa zirudien. Tradizioa ala hil.
Wang Yongmin-ek ugaritasun hori guztia teklatuak kabi zezan lortu zuen (1984), karaktereak euren bost ezaugarriren arabera zatikatuz eta ezaugarri bakoitzari tekla jakin batzuk esleituz. Horra hor Wubi metodoa. UEMC tekla-segidak, demagun, karaktere jakin bat agerrarazten du pantailan. Bestela esanda, U teklak hamairu forma ezberdin sor ditzake, baina tekla sekuentzia jakin batek —gutxienez lau behar dira— desanbiguatzen du U-k une horretan adierazi behar duen forma zehatza.
Denboratxoa behar omen da metodoa ikasteko, baina behin ikasi eta gero oso eraginkorra omen da. Hala diote sarean aurkitu ditudan erabiltzaileek.
Radiolab podcasteko The Wubi effect atala entzuteko esan zidan lehengusuak. Aldagaitza da nik horrelakoak geroko gero uztea, baina agian zuk…