Goizalde Landabaso

Antropozenoa

2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

Sakonetara bidea egin nuen lagun batzuekin nora gindoazen oso ondo jakin barik. Egun buruzuri batean. Esango nuke hura ez zela hara ailegatzeko biderik zuzenena. Itsasbehera zegoen eta nabarmen ikusten ziren historiaren haitzak. Egunotan kontu honekin gogoratu naiz planetako geologia munduan hamabost urtez luzatu den eztabaidari akabukoa eman ostean. Hamabost urteko eztabaida Sakonetako haitzetarako begi kliskada baino ez da, bai.

Kontua laburbiltzen ahaleginduko naiz. Duela hamarkada gutxi batzuk zientziako zenbait tokitan antropozeno berba erabiltzen hasi ziren geologia garai berrian geundela adierazteko. Sasoi honen berezitasuna zen gizakiaren esku hartzea planetaren aldaketetan. Eugene F. Stoermer eta Paul J. Crutzen zientzialariek milurteko hasieran eman zioten zelanbaiteko ofizialtasuna, baina geologia mundutik ez zuten baietsi. Orain arte. Nazioarteko Geologia Zientzietako Batasunak ezetz esan du, ez dela Antropozenorik. Garai aldaketak planeta osoan eskatzen ditu lorratzak, eta antza denez, izotz geruzetan aurkitu dute, baina ez haitzetan. Nik jakin-min azalekoa baino ez daukat, baina pentsatzen nuen geologia denborak gerora ezartzen zirela, alegia, gure garaia etorkizunean egongo diren besteek kontatuko dutela. Agian, egun buruzuri batean lagun talde batek itsasora bidea egingo du oinez, eta trenbidea igarota baserri batekin egingo dute topo; hortik behera Sakonetan agertuko dira. Hantxe aurkituko dute, beharbada, historiaren haitz orriak. Baliteke itsasbehera harrapatzea, eta toki horretantxe, itsas orroak liluraturik, esango dute: «Begira, hau Antropozenoa izan zen». Bien bitartean, gu, Holozenoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.