Goizalde Landabaso

Apropiazioa

2025eko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko leihoa zabaltzeak ematen didan bertigoari iheska, bestelako gauzen bila abiatu naiz. Norberak ezartzen dituen arnasguneak dira, nahiz eta, batzuetan, arnasguneek beste troka batzuetara zaramatzaten. Hiru emakumerengana eraman naute oraingoan.

Judith Leijster eta Marie-Denise Villers, mende ezberdinetan jaioak, herri ezberdinetan, baina amankomunean badute zer: inguruko gizonek euren artelanak sinatu zituztela; hots, egiletza lapurtu zutela. Judith Leijsterrena itzela da. XVII. mendean jaio zen, Herbehereetan, Urrezko Garaiak izan zuen margolaririk onenetakoa izan zen, baina denbora luzean bere lanak irakasle izan zuen Frans Hans-enak edota senar izan zuen Jan Miense Molenaer-enak zirela uste izan zen. XIX. mende amaieran Louvre museoak erosi zuen ustez Hans-ena zen margolana, baina aztertzen ari zirelarik jabetu ziren Hans-en sinadura azpian bazegoela beste bat, JL. Epaibidean ebatzi zuten Judith Leijsterrena zela. Balio ekonomikoa kolpean galdu zuen margolanak. Marie-Denise Villers-ekin antzeko zeozer jazo zen. Charlotte du Val d'Ognes-en erretratua Villers-ek egina zela berandu onartu zen. Bitartean, Jacques-Louis David artistarena zela pentsatzen zen.

Maiz errepikatzen den kontua denez, ez naiz lar luzatuko. Kontua da egunotan, XXI. mendean, Fumiko Negishirena entzun dudala. Bera Japoniako margolaria da, eta Valentziako artista batentzat egiten zuen lan: Antonio de Feliperentzat. Honek laguntzailea zela esan zuen arren, Espainiako Gorenak emandako epaiak argi utzi du: De Feliperen 221 margolanen egilea ere bada Fumiko Negishi. De Felipek, batetik, bere obren erosleei esan beharko die egiletza ez dela soilik berea; eta bestetik, iragarkia jarri beharko du hedabide batean horixe bera adierazten. Fumiko Negishik Levante egunkarian adierazi duenez, De Felipek zirriborroa egiten zuen eta Negishik garatu egiten zuen artelana. Zenbat sortzaileren lanak ez dira sinadura jarri zuen gizonenak? Han eta hemen, boterea duenak exekutatu ohi du, dela jabetza intelektuala, dela sormenaren egiletza, dela herri baten arima.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.