Batzuek diote Europa bitan bana daitekeela: ardo-herria eta garagardo-herria, zeinen kultura nagusi den eta horren arabera. Batean Erromako Inperioaren azpikoak leudeke, eta bestean germaniar domeinukoak.
Dena den, germaniarrek irabazi zuten garagardoaren gudua, hala frantsesez nola are italieraz ere haren izena germaniar errotik baitator (birra eta bière, hurrenez hurren). Latin ceresia, aldiz, mailegua da: galeserazko cwrw eta irlanderazko coirm (bai, beoir ere bai) aintzat harturik, ceresia zeltatik datorke, zehazki galieratik, Asterixen hizkuntzatik.
Latin hitz hori Inperioaren mendebalean gorde da: gal. cervexa, port. cerveja, gazt. cerveza, kat. eta okzit. cervesa. Frantsesak ere badu cervoise, Asterixen edari hura izendatzeko, lupuluaren ordez belarrak zituena.
Garagardo gure hitzak erakusten du antzina ardo ‘edari hordigarria’ besterik ez zela, eta hortik, sagardo-z gain noski, Leizarragaren mahatsarnoa.
Ardo *ardano-tik dator, ardao-tik igarota: n galduaren zantzu nagusia elkartu-eratorrietako ardan- dugu: ardantze, kasu (Ardancea 1164). Eta *ardano edan aditzaren dan erroaz eratua bide da (*e-da-ra-dan-o): ezustekorik ez.
Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa-ren arabera, ardo-k Euskal Herria bereizten du Mediterraneoko ardo-kulturako herrietatik, non gazt. vino edo fr. vin-en erro bereko hitzak baitaude Antzinatetik: hititeraz wiyana, grezieraz oinos, lat. vinum, kartvelieraz *ywino- (georgieraz ghvino), semitikoz *wainu, etab. Eztabaida polita dago ardoaren kultura non sortu zen, Itsaso Beltzaren hegietan, Balkanetan… Horri erantzugo liokeenak argituko luke zein den erro partekatu horren hizkuntza emailea (baita indoeuropera non sortu zen ere, agian).
Ardo-herri izan da gurea, nolanahi ere, Erdi Aroan ardo besterik ez baitago, adierak adiera (dokumentu gehienak nafarrak izateak ez balu emaitza lerrarazi, sagardo-herritik genukeenaren kaltetan). Izan bitez gure lekukoak Toda Azariz, Ardan buru zeritzotena (XIII. m.), eta Toda zein Pascoal Ardangrina (XIV. m.), hirurak ere gurekin topa egiteko prest, antza denez.