Goizalde Landabaso

Arrakasta

2025eko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako Nevada estatuan hil zuten 1952an Domingo Malaxetxebarria, gas kameran. Gizaburuagan jaioa zen 1892an, eta nerabe zela Ameriketarako bidea hartu zuen artzain izateko. Eta artzain izan zen. Bere bizitzako azken urteetan, diru gabe, ospitale psikiatriko publikoan, haserre biziak eraginda, emakume bat hil zuen. Epaiketa egon zen, jakina, eta bertan urteak eman zituen arren, ingelesik ez zekienez, galderak erantzuteko interpretea behar izan zuen, euskara-ingelesa. Heriotza baino lehen euskaraz egin ei zituen errezoak eta hantxe egon omen zen berarekin beste euskal herritar bat, John Etchemendy. Niri inpresiorik handiena eman zidana bere bakardade linguistikoa izan zen. Malaxetxebarriarena ez da ozeanoak zeharkatzen dituen arrakasta istorioa; bera, beste asko bezala, galtzailea zen. Noticias taldeak Nafarroan duen egunkarian idatzi zuen honen gainean Xabier Irujok. Hunkituta geratu nintzen irakurtzerakoan. Milaka eta milaka herritar joan baitziren kanpora bestelako bizitzen bila, eta kasu askotan beste bizitza horiek utzi zituztenak baino okerragoak bilakatu ziren. Baina ez dakizkigu, ez zelako eskribaurik egon haienak kontatzeko. Eta itzuli ziren edo tarteka itzultzen direnen loriak ahaztu, eta inork ezagutzen ez dituen horiengan piztu zitzaidan interesa.

Domingo Malaxetxebarriarekin gogoratu naiz azken egunotan, Bilbon, hil duten 21 urteko gaztearena irakurtzerakoan. Jakingo ote du hildakoaren familiak hil dela? Kanposantuan lan egiten duen lagun bat daukat. Behin galdetu nion ea zer gertatzen ote zen izen-abizen bakoen gorpuak azaltzen zirenean, non lurperatzen ote ziren. Kanposantuan bertan hilobi-zulo kolektiboa zegoela esan zidan, errolda antzeko batean haien datuak sartu eta bertan lurperatzen zituztela. Eta zer diren gauzak, familiaren datu baten bila nik ere horrelako jazoera bat aurkitu nuen, herritik urrun, ezuste batean, hil egin zen arbaso baten kontua. Bizirik dagoen familian inork ez zekien, baina bai bazutela akorduan, hara, nonbaitera, joan zen senitartekoarena. Hura ere galtzaile izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.