Lagun italiar batek behin esan zidan Italiako jende langilearen artean oso zabaldutako uste bat egon zela duela bizpahiru hamarkada Mercedes-Benz autoen inguruan: ilargiraino iristeko adina kilometro egin zitzaketen. Horrek esplikatzen du, besteak beste, gurean ere lunpenak, ijitoek eta magrebtarren ondorengo askok Mercedes eta Audi zaharrekiko izan duten zaletasuna: kontua ez da soilik luxua, da, bereziki, gauzek irautea.
Gustuaren hezkuntzan atal garrantzitsuetako bat da autoarena eta, gure haurtzaroan irakatsi zigutenaren aurka, ez dago klase determinismorik. Egia da erdiko klasekoek, normalki, auto garestiak dituztenak menosten dituztela, izan Mercedesak, BMWak ala Audiak dituztenak aberats ala pobre. Are gehiago, autoaren jabea pobreagoa bada baina haren autoa garestiagoa, susmoa nagusitzen da: nola izan dezake ez dagokion ibilgailu hori? Lapurtu al du? Trafikatzaile bat al da? Pobrez mozorrotutako errentista bat al da?
Erdiko klaseetan, azken hamarkadetan, askoz popularragoak izan dira auto arruntak, gama ertainekoak: Peugeotak, Renaultak, Fiatak edota Volkswagenak. Patologikoki ihes egin izan dio erdiko klaseak luxuarekin lot zitekeen horri.
«Erdiko» izatea oroz gaindiko balio bat baldin balitz bezala, parlamentuetako arkuan zentroa izan daitekeen bezala, «le juste milieux», moderazioa.
Horrek zailtzen du autoaren egungo soziologia egitea ere, autorik gabekoak daude kate trofikoaren bi izkinetan: autogabeak daude Berlingo burgesen eta Iruñeko lunpenaren artean.