Atzo eman nuen lauhileko honetako azken eskola. Ordubete pasa eta gero, ttak: gaixorik. Hori bai zori txarra, esango duzue horrelakorik gertatu ez zaizuenok. Horrelakorik urtero gertatu ez zaizuenok. Bai zera zori txarra. Diagnostikaturik dagoen gaixotasuna da, leisure sickness, ‘atsedenaldiaren gaixotasuna’, Ad Vingerhoets eta Maaike van Huijgevoort psikologo herbeheretarrek hala bataiatua (2001).
Erraza dirudi lanetik oporraldirako aldaketa, ezta? Langile orok desiratzen du, ezta? Gaur lanean gaude, gogaiturik, eta bihar oporretan, paradisuan. Baliteke, bai, baina bada aldaketa horren beldur denik. Perfekzionismoak jotakoak eta lanaholikoak, bai eta ahal duten baino zama handiagoa daramatenak ere arrisku-taldean daude bete-betean.
Ezaguna da estresak jotzen gaituenean gorputzak ohi baino adrenalina eta kortisol gehiago sortzen duela, gehiegi sortzen duela, eta immunitate-sistema jaisten dela. Lasaitu eta, hormona horien ekoizpena gutxitzeaz bat, immunitate-sistema berriz aktibatzen omen da. Batzuetan, erreakzio hori bat-batekoa da, niri gertatu zaidanez. Kontua da ez nauela hotzeriak jo, omen, baizik eta aipatutako baldintzek gaixotasun horren sintomak sortu dituela: doministikuak, sudur jarioa, eztula, nekea… Halakorik!
Zer pentsatua eman dit ikasi berri dudan horrek. Gure gizarteak gaixoak, era guztietakoak, errudun bihurtzeko joera garatu du, eta autozaintzara bultzatzen gaitu. Lan gutxiago egin behar duzu, hobeto antolatu behar zara, lana eta atsedena tartekatu behar dituzu, ez egin lan asteburuetan, maiztu ariketa fisikoa. Noiztik ez zara zinemara joan? Zenbat hitzaldi, liburu-aurkezpen eta kontzertu ez ote dituzu galdu? Zenbat liburu pilatu zaizkizu irakurtzeke? Noiztik ez duzu zerbait hartu lagunekin?
Horiek eta bost gehiago entzun ditut sarritan. Neuk ere esaten dizkiot neure buruari. Azken hilabete estresagarrian kortisola jaisteko ariketatxoak egiten aritu naiz goizero, pozik: horrela bai ondo!
Zein oker gauden. Sistemak du errua, baina guk sistematik ateratzen ez jakin.