Blanca Urgell

Bakarrik eta minez

2024ko martxoaren 6a
05:00
Entzun

Yaël Braun-Pivet-en ahotik entzun nuen irratian abortu askatasuna bermatzea Frantziako Konstituzioan jasotzearen aldeko jarrerak irabazi duela. Aurreko egunetan norbaitek esan zuen hori ez dela aurrerapausoa emakumeen eskubideetan, mehatxatuta dauden seinale baizik, eta nork esan ezetz?

Egoerak egoera ohi dakar gogora, bakoitzari berea. Hona nire lehena. 80ko hamarkadan A adiskideak Frantziara joan behar izan zuen abortatzera. Hala esaten zitzaion, baina muga pasa eta bertan izango zen, Hendaian-edo. Furgoan eserita joan, eta zoruan etzanda itzuli, odoletan. Hark bai gaizki pasatu! Onik atera bazen, hainbestean.

Bukatu zen hura, bukatu ere. Eskerrak eman ditzakegu, gainera, Espainiako probintzia askotan lekuan lekuko «osakidetzak» beste batera bideratzen baititu emakumeak, onik onenean, nahiz Gorenak 2023an oinarrizko eskubideen aurkakotzat jo.

Halere, hemen ere ez da dena pagotxa. Hona nire bigarrena, barrena astindu ninduena. Duela ez hainbeste, B adiskideak, berak egin zuen egitekoa Osakidetzan, baina laguntza eskatu zidan hurrengoetarako. Kontsulta batera joan ginen. Ahaztu filmetako eszenak, klinika zuri eta esterilizatuak. Han zeozer eman zioten, pilula-edo, eta segidan etxera bidali. Koitaduak hura hartu eta gero han ikusi genituenak, ez dago erraz kontatzerik.

Lagun artean menopausiaz asko hitz egiten dugu, hilekoaz ezer gutxi eta abortuaz deus ez. Esango nuke oinordetzan hartu ditugun tabuetan horixe dela lan gehiena eskatu behar diguna oraindik. (Derradan, bidenabar, ez garela feminismoaren abangoardia, baina zenbat gu lako?).

Horra, bada, galdera: ba ote dakigu zein baldintzatan abortatzen ari den? Nik hiru hitzetan utziko nuke: bakarrik, etxean eta minez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.