Harrituta nago Espainian enpresa baloratuenak zein diren ikusita. Inditex, Santander, BBVA, Iberdrola, Repsol, Telefonica eta Nestle daude lehen postuetan. Egin duten inkesta baten emaitzak dira. Non lan egin nahiko luketen galdetuta, jendeak horixe erantzun du. Eta hara non, baloratutako ezaugarrien artean balio etikoak daude.
Besteren kontura aberastea balio etikoa al da? Aipatutako enpresa gehienak multinazionalak dira. Erdiek baino gehiagok esplotatzaile sona dute. Eta euren kontrako salaketa mordoa. GKEenak, Greenpeacenak…
Inditex (Zara, Bershka, Stradivarius). Marokon langileak lan baldintza kaskarretan izatea leporatzen diote. Astean 65 orduz josten edukitzea, hilean 179 euro ordainduta. Eta adingabeak lanean izatea. Bangladeshen langileentzat arriskutsuak diren teknikak erabiltzea.
Repsol eta Iberdrola. Askotan salatu dute Hego Amerikan duten jarrera. Ingurumena suntsitzea egozten diete. Amazonas kutsatzea. Indigenak bizileku gabe uztea.
Nestle. Txokolatea egiteko, Indonesian ez dezala palma oliorik eros eskatu diote sarri. Bertako basoak desagertzen ari direla. Eta orangutanak. Ez dezala Boli Kostako kakaoa erabil. Hango plantazioetan umeak esklabo gisa dituztela.
Santander. Presidentea, Botin jauna, ezaguna da iruzur fiskalarengatik. Suitzan kontu sekretu bat duelako, 2.000 milioi eurorekin. Aznarrek berak esana: «Aberatsek ez dute zergarik ordaintzen Espainian». Etorkinak ere 160.000 eurotik gora dutenak dira ongietorriak. Gainerakoei, osasun zerbitzurik ere ez.
Joan zen astean, DV egunkarian, honako hau galdetu zieten irakurleei: «Krisi garaian, beste herrialdeetako GKEen diru laguntzak mantendu behar al dira?». Herri txirotuak esplotatzen dituzten enpresek oniritzia dute. Baina garapen proiektuek hika-mika pizten dute, antza.

Larrepetit
Balio etikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu