Hiztunok etengabe analizatzen ari gara hizkuntza gure barrunbearen zokoren batean. Lan isil horren emaitza bitxienetako bat herri-etimologia da. Arrotz zaien edo gardena ez den hitza, hiztunek maiz euren hizkuntzaren osagai ezagunen arabera berrinterpretatzen dute eta interpretazio horren arabera beste itxura bat ematen diote, edo beste esanahi bat, noiz nola.
Auskalo noiz auskalo zein ingeles hiztunek lat. asparagus sparrow grass ‘txolarre belarra’ gisa ulertu zuen, eta arrakasta izan; eskolatzearen eraginagatik ere, hiztun askok hala omen diote oraindik.
Frantsesezko choucrute alsazierazko Sürkrüt ‘belar garratza’ izenetik dator, krüt azari ere esaten baitzaio (aleman estandarraz kraut): s-tik x-rako aldaketa (ahoska bedi xukrut) honi zor zaio: frantses azkar batek chou (ahoska xu) ‘aza’ ulertu izanari.
Karibeko taineratik datorren hamaka hitz zabaldua —eguzki bero eta itsaso usaina dakarrena— alemanez Hängematte ‘eskegitako estera’ bihurtu zuten, hotsak zertxobait aldatuz zeraren deskribapen txukun bat lortu eta euren sena kontent utzirik. Euskaraz lat. vigilatu-tik (ahoska bigilatu) begiratu dugu, begiarekin begiratzen delako, nola ez.
Urrats bat harago: hiztunek hitza tabu bihurtzea. Txinan hotel eta ospitale askotan 4 zenbakirik ez dago, ezta igogailuetan ere, sì ‘lau’ eta sǐ ‘heriotza’ soilik tonoaren gorabeheran ezberdintzen baitira. Polinesiako tradizioan, buruzagiaren izenak ‘ura’ esan nahi balu, hiztunek beste hitz bat bilatuko lukete ura adierazteko, begirunez. Indiako hainbat hizkuntzatan ohikoa omen da, adibidez, tigre hitza saihestu eta haren ordez jauna erabiltzea, zeren eta, atsotitzak dioenez, non aipa, han gerta.
Ikasle batek kontatu dit batzar herri-etimologiatik bazterketara daraman bidean sartua dela, gaixoa. Alegia, jendeak haren ordez kontseilu-eta erabili nahiago dituela, -ar amaiera ‘arra’ delakoan. Hasiera argia da (bat) eta, batzarre ekialdeko formatik abiaturik, gorazarre eta hatsarre-ren taldearen laguntzarekin, bat-zarre zatitu beharra ere nabarmena. -zarre argia ez izan arren (zahar? ikus EHHE), gutxienez bermatzen du ez direla arrak hor sekula ibili. Edo, bestela, egin ditzagun batzarrak eta batzemeak.