Maider Galardi

Metala

2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzuetan herri txiki honek irudi bitxiak eskaintzen dizkigu kilometro karratu eta egun gutxitan. Batean, metaleko langileek protesta egiten dute lan hitzarmen hobea edukitzeko, eta bestean sektoreko enpresa garrantzitsueneko presidentea Espainiako Forbes zerrendako ehun aberatsenen artean sartzen da eta egiten dizkiote publierreportajeak ohoratuz bezala milioika euro eduki arren laurogei metro karratuko etxe batean bizi dela oraindik. Batean, Eusko Jaurlaritzak sutsuki defendatzen du Palestina okupatuan tranbia egiten ari den tren enpresa bat, herri honetako ehundura industrialaren zutabe nagusi dela esanez eta giza eskubideak errespetatzen dituela argudiatuta, eta, bestean, gobernu horrek berak jada aipatu dugun metaleko enpresa garrantzitsu horren jabeak beste tren enpresa bat erosi dezan erraztasunak jartzen ditu, nahiz eta jada entzuna den jabe horrek Israelekin negozioak dituela. Batean, iristen dira futbolari palestinarrak Bilboko aireportura, egiten zaie sekulako harrera, elkartasun uholde batek betetzen ditu hiriburuko kaleak, eta, bestean, batek daki aireportu beretik edo handik kilometro gutxira dagoen portutik, milaka tona metal ateratzen dira Israelera Gazako genozidioan erabiliko diren armak egiteko.

Bai bitxia herri honetan auzolana eta elkartasuna ulertzeko dauden hain modu diferenteak. Auzolanean antolatu selekzioen arteko futbol partida bat, edo eliteen auzolanean itxi sare klientelar bat. Elkartasuna izan herri txiki eta zapalduekin edo genozidekin. Elkartasun mota batek espetxera eraman zaitzake, eta oraingoan besteak ere epailearen aurrean eseri du metalurgiako jabe handia —herri ekimen bati esker—, nahiz eta gaur-gaurkoz ez zaion itzali ez Jaurlaritzaren babesa, ez tren enpresa erosteko aukera ere. Esango didazue lehena dela benetako adiera, eta bigarrenean erratu naizela, baina auzi honetan zeresana duten instituzioak ikusi ditut bi kontzeptu horien propaganda egiten. Zer nahi duzue esatea, txin-txin txanponen hots metalikoak batzuetan estal dezake azpiko zarata, nahiz eta beruna ere urtu daitekeen bi herrien arteko besarkadan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.