Blanca Urgell

Benetan

2026ko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaia saihesteko asmoa nuen: ez naiz gatazkaren zale. Alta, lekuko mezuaren egileen artean ikasle ohi bat eta ikasle ohi baten ahizpa ikusirik, harro ni, ezinezkoa da BERRIAk aukera hau astero eman eta isilik gelditzea.

Neure pentsamenduen testuingurua azaltze aldera, hemendik nator, alegia, pentsatzetik Espainiaren —eta munduaren— kontrako norabidean goazela, hori esaterik balego, elkarrekin nola bizi asmatzen ari baikara.

Egunotan ikusi dut nola zingiretako narrasti koldarrak herrestan atera diren, mihi erdibituez irainak egozten alde batera eta bestera, euren uste berekoak ez diren/garen euskaldunoi zilegitasuna kendu nahirik. Gaitz erdi, gutxienak direlakoan nago, beste askoren artean Otxandiano jaunaren hitzak lekuko.

Akats estrategikoa da CCOO Korrikatik botatzea, larria, baina baita PSEk parte hartzeari uko egitea ere (horri aurre egin dioten alkateei txalo). Korrika ez da AEKrena: berak antolatzen du, bai, baina lasterka edo herrenka egiten dugun euskaldunena da, zein ere den gure alderdi, sindikatu edo xake-kluba.

Gero datoz beti datozenak. Agian akatsa da hiltzaileen aurpegiak han hain sarri ikustea, baina ni urrun nago horrelako irudiak agertzen ote diren Korrikaren argazkiak lupaz begiratzen dituztenetatik, euskararen lekukoa eraman duten herritar hunkitu eta alaiei erreparatu gabe.

Egunotan, alde batetik eta bestetik, pertsona zuhur askok idatzi dute, eta ez dut nik hobeto esango, baina tira.

Nago lanpostuen kontuak erakundeek eta sindikatuek hitzartu behar lituzketela, epaitegira gabe. Eta luze gabe.

Nago euskararen bidea borroka latza dela, sokatik tenka eta tenka egin beharra dagoela, sekula ase gabe, gehiago eta gehiago lortu arte, baina bidelagun eta bidaideak behar ditugula derrigor, aurrera egingo badugu.

Nago gatazka honi hasiera eman dion gaia garrantzizkoa dela, baina ez euskaldun batzuk besteen kontra gogor aritzeko beste. Oinarrizko adostasunak leherrarazten baditugu —sare sozialetako lagun baten urrezko hiru hitz horiek neure eginez— ez du inork irabaziko, euskararen etsaiek baino. Benetako hitza jartzear izan naiz, baina denok dakigu zein diren benetan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA