Egunak eman ditut pentsatzen nola idatzi beroaz, beroaz hitz egin gabe, nahiz beroaz jaiki eta beroaz etzan naizen, beroaz zuzendu azterketak eta beroaz besarkatu (tentuz) maite ditudanak. Nire marka: 49 gradutan zegoen autoan sartu eta bolanteari eustea.
«Eskualduna da guztien artean ez hotzetez, ez berotez, ez gosetez ezin bentzuturikakoa» idatzi zuen Etxeberri Sarakoak. Erraz da hori Azkoitian idaztea, Iztuetaren Gipuzkoa idilikoan: «Egoi-aldeko bero handiak, ifarraldeko hotz gogorrakin adiskidetasunean eztiturik zabaltzen dira emekiro biztanleen osasungarri. Ez udako berorik handienak makaltzen gaitu arras, eta ez neguko hotzik gogorrenak kikildu gehiegi».
Biztanleen osasungarri den Euskal Herriko klima horrek zeresan handia eman du elurrari eta euriari dagokienez, dudarik gabe; baina, kontrako aldetik, infernuko suaren beroak kezkatu ditu gehien gure idazleak, ez udako berorik handienek.
Leizarraga protestante seriosak, Testamentu Berria itzuli behar zuenez, derrigortuta egon zen Harrotasunaren egunari ondo datorkion pasarte bat euskaraz ematera, gogoz kontra akaso: «arrak, utzirik emazten usantza naturala, berotu izan dirade bere gutizian bata bertzeagana, arrak arrarekin infamiatako gauzak egiten…» (Rom 1, 27), aurreko pasartean emazteen joera bera —ez hain agerriki— salatu ondoren.
Lazarragaren nire poema gogokoenean neskak «beroetan jat iturria» dio, sexu esplizitukoa izateagatik goitik behera marratua izan den poema batean, alegia.
Agirre Asteasuko noiznahiko euskal herrietan erabil daitekeen beste bero batez ari da: «berotuxe nintzan, alegeratuxe ginan, bear baño geixeago edan nuan».
Adibide gehiago pilatu arren, ez genuke ondorio ezberdinik lortuko. Erlijioaz, bekatuaz eta infernuaz hitz egiten ez den gutxietan, beroari dagokionez gure literatura klasikoan gorputzaz hitz egiten da, pattarraz eta desiraz, sexuaz ere bai. Ez behin ere eguraldiaz edo klimaz.
Osterantzean, badirudi berote globalak ez duela paisaia bakarrik aldatuko. Metafora berriak beharko, hitz berriak ere bai akaso. Hizkuntza bera ere ez ote zaigu beroaren beroaz aldatuko?