Bazuen Carlos Garaikoetxeak haren klasekoei aurresuposatzen zaien baina Euskal Herrian zeharo absente egoten den dotorezia bat. Distintzio hori edukazioari ala klase posizioari lotua zegoen jakitea eztabaida soziologiko bat da.
Euskadiko Orkestrarekin jo zuen George Nicolescuk eta hark kontatu ohi zuen pasadizo batengatik miresten nuen nik. Errumania sozialistatik iritsi zen Nicolescu eta Ceausescu, ezjakin hutsa zelako, zeharo gaitzesten bazuen ere, bere burua sozialistatzat jotzen jarraitzen zuen. Sondikara hegazkinez iritsi zenean, Garaikoetxea pistan zeukan zain. Gerora konturatu zen, tamalez, Garaikoetxea ez zela Euskal Herriko elite politikoaren adierazgarri, melomano bat zela. Ez dakit Garaikoetxearen osteko zenbat lehendakari eta alkate joan izan diren, hilero, gure orkestra nazionalaren abonu kontzertuetara.
Aste gutxitan zendu dira Garaikoetxea eta Ortzi, Herri Batasuneko kidea. 1971n bakoitza lubakiaren alde batean egon zen, Iruñerriko langile mugimenduaren oren gorenetako batean. Garaikoetxea Eaton Iberica-ko nagusia zela langileek ordu gutxiago lan egin eta soldatak emendatzea eskatu zuten, Ortzi zen greban ziren langileen abokatua. ETAk diruz lagundu omen zituen. Garaikoetxea politikari gisa famatzean Ortzik Punto y Hora-n idatzi zuen: «Enpresari askok uko egiten diete [hobekuntza horiei], tartean Carlos Garaikoetxea, orduan Eaton Ibericako buru zena. 71ko urtarrilaren 8an Eatoneko langileek greba hasi zuten. Urtarrilaren 15ean Garaikoetxeak plantillako 625 obrerotik 495 kaleratu zituen; Nafarroa Garaian elkartasun mugimendu handi bat hasi zen, apezpikuaren babesa jaso zuena». Ez zen izan Garaikoetxea enpresariak hartu –behar izan?– zuen langileen kontrako erabaki bakarra. Negoziatzaile gogorraren ospea zuen Garaikoetxeak.
Politikari bat hiltzen denero, bizi diren politikarien deklarazioek gehiago dute bizirik dauden mugimendu politikoen interesekin lotura zendutakoarekin baino. Baina bizitza eredugarriek literatura zapuzten dute bereziki.