Maider Galardi

Beude

2025eko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ostiral gaua da, bigarren taldea ari da oholtzan. Azpian dira festazaleak: gerria mugitzeko izerditan batzuk, jada likatsu dagoen zorutik hankak desitsatsi nahian besteak. Kantu eta kantu artean Gari Uriarte taldekideak gogorarazi du nola ez den herrira datorren aurreneko aldia, eta lehenago ere herriko tabernan eta auzolanean antolatutako musika jaialdi batean jo duen. Esan du ez duela ahaztu nondik datorren. Orain, herri zentroan ari da, udalak kontratatuta, eta lepo du plaza bere oinpean. Orain, Dupla taldean abesten du Beñat Oriberekin batera.

Multimusikala jaialdiaz ari da Uriarte. Lasarte-Orian hamar bat urtez autogestioan oinarrituta kaleak, tabernak eta lokalak hartu zituen musika jaialdiaz. Oraindik nerabe, festibal horretan ezagutu genituen hamaika talde, batzuk gerora ezagun egin direnak, beste batzuk gazte amets batean geratutakoak. Espiritu hori berpiztuz-edo, zenbait lagunek Gure Lasarte Zikina gaua antolatu dute aurtengo Sorgin Jaien testuinguruan, eta, hala, ez hain gazteok hamar urteren ostean itzuli gara herriko taberna zulora gauza berriak deskubritzera. Sorgin Jaiek ere ekarri ohi dituzte musika talde ezohikoak eta antzerki edo pieza eszenikoak. Gurean izan dira, besteak beste, Danele Sarriugarte eta Miren Narbaiza Afterra, poperra eta utopia-rekin eta Miren Gaztañaga Stereo-rekin. Guk ez dugu Birarik, baina euskarazko kulturak biraka segi dezan nahi dugu hala Bilbon nola Lasarten ere. Ondo dakigu zein garrantzitsua den horrelako espazioak egotea, baina «ez dago dirurik», diote. Nahiko nituzke taberna zuloko talde horiek herriko plazan ikusi —hala nahi balute—; nahiko nuke nire lagunek sortzen segi dezaten diru laguntzengatik lehian daudela sentitu gabe, baina «ez dago dirurik», diote. Nahiago nuke Oier Guillanek esan bezala bestelako kultur politika batzuk egongo balira, baina…

Bruce Springsteenen kontzertu egunean Donostian bertan Odei Barroso ikustera joan ginenok tren zerbitzu berezia izan genuen, Anoetako kontzertuagatik, noski. Gure bagoian politikari garrantzitsu bat zihoan, eta pare bat gauza esango nizkiokeen, baina… ez nintzen ausartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.