Abentura bat da unibertsitatea, eta Leioako Campusean ba pixka bat gehiago. Egia esateko, super abentura bat da han ikasi eta lan egiten dugun —gutxienez— 20.000 pertsonentzat. Zuen gazteen matrikula ordaintzen duzuen gurasoak: ez dakizue zer-nolako konpromisoa den egunero fakultatera igotzea. Demagun Zazpikaleetan bizi dela bat, ba bost aukera ditu unibertsitatera igo nahi duenak: 24a hartzea Abandon edo udaletxean —ordutegiz eskasa eta jendez betea—; 14a hartzea, 45 minututan Bizkaiari buelta osoa ematea eta zorabiatuta heltzea klasera; abilenek egin dezakete korrika San Frantziskotik barrena Zabalburun 12a hartzeko, edo aldapan gora Iturribidetik Santutxura 21era heltzeko. Metroa hartu eta Termibuseko busa ere har daiteke. Maiz dator, baina jendez lepo. Den-denak probatu ditut ikasle garaian, astelehenetan joan eta ostiraletan itzuli Leioatik Lasartera zuzenean egiten nuenean salbu. Eskerrak Bidaitxungo genuen Bizkaitik Gipuzkoarako bidea egiteko.
Ze bai, badaude Bilbon bizi direnak baino oraindik abenturazale eta konprometituagoak. Egunero haien Gipuzkoako X herritik Leioara joan behar dutenak, berdin lanera ala ikastera. Nik, adibidez, 08:30ean klasea badut, 05:30ean hartu beharko nuke trena Donostiako Amarara, handik Tabakalerara egin, bertan 06:00etako busa hartu, 07:15ean iritsi Bilbora eta handik azken bus bat hartu Leioara 07:30ean, 08:00ak aldera iristeko. Zoramena ezta? Dena ordu erdi atzeratuz gero, arriskua dago auto-pilaketaren batekin topo egiteko eta lanera garaiz ez iristeko. Horregatik, gehienetan kotxez joaten naiz, hilean 400 bat euro errepidean utziz eta AP8aren kurbei egunero aurre eginez. Sarri entzuten dut irratian: «Txorierriko saihesbidean errei bat oztopatuta dago auto baten matxuragatik», eta ni ere izan naiz erreia oztopatu duen auto matxuratua. Hori bai abentura, hori bai dela txungoa. Oxala gipuzkoarrek Leioara autobus publiko zuzen bat bagenu gure unibertsitatera joateko gogoa ez dadin talkan egon abenturaz mozorrotutako arriskuarekin.