Ez dira edonola sartzen birigarroak kartzelan. Kamerak zain dituztela jakinki, berebizikoa da mise en scène guztia. 1998ko irailean, biba eta txalo artean egin zuten Guadalajarako espetxerakoa Jose Barrionuevok eta Rafael Verak, Barne ministroa izanikoa bata eta Estatuko Segurtasun idazkaria bestea Felipe Gonzalezen gobernuan. Hamar urteko zigorra betetzera zihoazen, Segundo Marey hendaiarraren bahiketa tarteko. Nagusia zuten aiduru atarian, X jauna bera, sartu aurretiko besarkada emateko. Izan adore, aterako zaituztegu. Eta hala zeharkatu zuten atea, sozialisten krabelin gorria eskuan bidegabekeriaren salatari.
Ez dira, ez direnez, edonola sartzen. Estatubatuar presidenteen maneran, emazteari eskutik oratuta iritsi da La Santeko presondegira Nicolas Sarkozy frantziar presidente ohia bost urteko kondena betetzera. Guadalajaran bezala, hurbildu orduko hasi dira animo deiadarrak. Aitzina, Aberriaren seme-alabok! Arnasa betean abestu dute Marseillesa bertaratutakoek. Eta, Heldu da loriaren eguna!, krabelin gorririk ez, Herritarrok, armen hartzera!, baina liburu bi dakartza eskuetan: Jesusen biografia da bata; Dumas aitaren Montekristoko kondea bestea.
Deus ez da kasuala jolas semiotiko horretan. Nazaretekoa bezala, Sarkozy prest dago bere burua gurutzera eramaten uzteko horrek demokrazia salbatuko badu. Montekristoko Edmond Dantesek bezala, auzoen asmo gaiztoek salatuta doa zulora. Irribarrez agurtu du babestu duen araldea, esan gabe esanez, izan fedea, frantses guztiok dakizue nola finitzen den nobela: aterako naiz eta nirea izango da Montekristo uharteko altxorra eta nirea mendekua. Ezagun duzue zer-nolako amaiera izan zuten Dantesekin doilorkeriaz jokatu zuten haiek.
Aznarrek indultua emanda, hamar urtetik hiru hilabete egin zituzten GALeko buru biek Guadalajaran. Sarkozyk badakigu ez duela, Dantesek bezala, ihes egin beharrik izango. Izan fedea.
Sartu bakarrik ez, atera ere ez baitira edonola ateratzen birigarroak.