Badakikezue norbaitek erabaki zuela filologoon idatziak Ereduzko Prosa Gaur eta holakoetan ez sartzea, hizkuntzalari mota oro eredugarri denetik at utzirik —Euskal Herriko bitxikerien museoaren bilduma iraunkorrerako—. Horregatik ez bide dago biziduntasun hitza Euskaltzaindiaren hiztegian.
Ostera, gizakiaren burmuinean toki garaia duen ezaugarria denez —biziraupen kontua omen, funtsean—, badirudi noizbait tokia egin beharko lioketela, euskalarion adibideekin edo gabe. Izan ere, eragina du gizakiok mundua hautematen dugun eran ez ezik gure hizkuntzaren gramatikan ere.
Apalenetik hasita, ingelesezko (s)he / it banaketa biziduntasunean datza, gurean nor/zer banaketa bezalaxe. Japonieran izan aditz bana darabilte bizidunekin (iru) eta bizigabeekin (aru): Neko ga iru ‘katu bat da’ vs Ishi ga aru ‘harri bat da’.
Guk leku-kasuetan bereizten ditugu bizigabeak (etxera, etxetik…) eta bizidunak (amarengan…), baina badira salbuespen ezagunak: izenordainetan Iparraldeak ez dio nigan, nitan baizik, eta pluralean beti datorkit gogora Axularren emaztetan dabilena hura...
Izan ere, biziduntasuna ez da bai ala ezeko kontua, mailakakoa baizik: izenordainak zer dira, bizidun ala bizigabeak? Nondik begiratzen zaion.
Holakoetan beti aipatzen da navajoa, gizaki helduak eta tximista jartzen baitituzte lehen mailan, animalien eta bizigabeen aurretik. Kontua da horrek eragina duela gramatikan. Berez, euskara bezala SOV hizkuntza da, hots, ikasleak (S) liburua (O) irakurri du (V) hurrenkera izan ohi du, baina, biziduntasun hierarkia tarteko, ezinezkoa dute Inurriak neska ziztatu du, derrigor neska inurriaz ziztatua izan da esan behar dute, hierarkian beherago dagoen izakiak (inurriak) ezin duelako gorago dagoena (neska) baino lehenago agertu edo, agian hobeto, inurriari ez zaiolako egiazko egiletasunik aitortzen.
Nire hierarkian, Itxaro Bordak noizbait idatzia gogoan, bizidunak bizigabeen azpian daude harremanen ehuntzeko erraztasunean, izenordain batzuk (zu, gu) eta izen berezi batzuk alde batera utzita, hizkuntzetan bezala (edo alderantziz).