Bizkaiko herrixka batean amaitu genuen lehengoan. Ez zen jomuga, baina batzuetan helmuga aldatu beharra dago, eta horrek eraman gintuen hara. Atoan jabetu ginen turista bakarrak ginela. Plazako tabernan sartu ginen, eta hara non topo egiten dudan aurpegi ezagun batekin. «Hara, aspaldiko, zer egiten duzu berton?», esan zidan. Ez naiz ona izenetarako, hobea naiz aurpegiekin, baina denbora behar izaten dut nire bizitzaren espazioetan kokatzeko. Aurreko egunean egon izan bagina bezala hitz egiten zidan, eta bera han bizi zela ziostan, aspaldi, ea ez ote nuen gogoratzen bera hangoa zela; eta nik, jakina, baietz, baina kokatu ezinik nenbilen. Bizitzaren bueltez aritu zitzaidan, eta «berdin» nengoela, eta ea katuek lez zazpi bizitza ote nituen... Bere begietan zegoena noizbait izan nintzen hura zela konturatu nintzen; dagoeneko ez naizen neu batekin ari zen. Izena akorduan izan gabe egin nuen etxerako bidea.
Eta etxera bueltan, baso-errepideko iluntasunean, leihoak jaitsita eta isiltasun ezinezkoari adi, buruan bueltaka nuen gure aita zenak maiz zioskun esaldi bat: bizitza bi izan beharko genituzke, bat ikasteko eta bestea bizitzeko. Bigarren bizitza horretan herrixkan aurkitutakoaren izena gogoratuko nuen, seguru. Baina gero konturatu nintzen ezinezkoa zatekeela. Izan ere, hori baino lehen hamaika bidegurutze aurkituko nituzkeen, eta ziurrenen, lehenengoan hartuko nukeen osterantzeko norabidea. Horrek aldatuko zukeen dena, eta areago, ziurrenen, bizitzak ez nindukeen herrixka txiki horretara eramango. Ez dakit ondo azaldu dizudan, baina une horretan jabetu nintzen beti izango zela bizitza ezberdina; bizitza hasieran bestelako erabaki bat hartzearekin bide ezberdina egingo nukeela. Alegia, ez dagoela irakatsiko digun probazko bizitzarik bigarren horretan aplikatzeko. Kate Atkinsonek idatzitako Life after life-n, bezala, etengabe hil eta jaio egiten zen emakumeak gogoan zituen aurreko bizitzetan egindako hutsak, eta hala ere, ez zen gai etengabe errepikatzen zitzaion probazko bizitza hori gainditzeko. Izena gogoratu barik jarraitzen dut.