Goizalde Landabaso

Bolloré

2026ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

A zer saltsa dagoen Frantziako kultur giroan azken boladaotan. Tira, kultur giroan diotsut, baina gertatzen ari dena harago doa. Erantzulea: ultraeskumarekin estuki lotuta dagoen Vincent Bolloré ultraberatsa. Nik ez nekien nor zen Bolloré, zinez, ez gara ingurumari berberetan aritzen. Grasset argitaletxea, baina, bai, ospe eta izen oso onak dituelako. Bollorék 2023an erosi zuen Hachette Livre taldea, eta non dago Grasset?

Arrazoi ideologikoengatik bota du Bollorék Grasseten, urteetan, arduradun nagusi izan den Olivier Nola. Pizgarria izan da, argitaletxean liburuak kaleratu ohi dituzten 200 bat idazlek planto egin dute. Euren artean: Emmanuel Carrère, Virginie Despentes, Leïla Slimani, Frédérick Beigbeder edota Bernard Henri-Levy idazleek argi esan dute: ez dute Grassetekin gehiago kaleratuko. Bolloré ez da kikildu; idazle berrientzako tokia egongo dela dio. Ultraberatsak, jakina, jabetza gehiago ditu: Canal+ eta bestelako telebista kate, Espainiako Prisa taldeko bigarren akziodun nagusiena da, edota, Frantzia eta Belgikako zinemagintzan ezinbestekoa den Union Générale Cinématographique-n (UGC) akzio asko ditu. 2028rako UGCren ehuneko ehuna izan nahi luke. Eskuratuko balu, beste batzuen artean, munduan ikuslerik gehien duen zinema aretoa izango luke, Parisko Les Halles. Kontuak horrela, Canneseko jaialdia hasi baino egun bat lehenago zinemagintza munduko 600 pertsonak sinatu zuten ultraeskuinak kultura kontrolatzearen aurkako idatzia. Canal+ kateko zuzendari nagusiak, Maxime Saadak, erantzun egin die: sinatzaileek ez dute bere katean lan egingo. Hemen ere ahots berriak itxarongo dituzte, ziurrenen.

Kultura pipak jatearen pareko den bitartean, hots, entretenimendua den bitartean, «pas de problème», baina: gerrak, genozidioak, inbasioak, estatu zenbaiten jardunak salatzen hasten direnean kultura kontrolagaitz gertatzen da, eta okerrena: eragina du. Hortaz, zer egin liteke? Bada, erosi eta hustu. Telesail hau aspaldiko da, bai, behin eta berriz ematen dena, eta hala ere, beti amaitzen dut istorio hauetan kateatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA