Ander Perez Argote

Borrokaren genealogiak

2025eko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

1978ko sanferminei buruzko Sabino Cuadraren liburuaren aurkezpenean erreparatu diozu, hizlariek berek publikoaren batez besteko adinari erreferentzia egin diotenean. Adats urdin eta buru soilak bildu dira aretoan, aspaldiko batailetan kide izandakoak, eta egun astelehenero pentsionisten pankartaren atzean elkartzen direnak. Berdin ikusiko dituzu Ezkabako presondegiko ihesaren omenaldian, edo apirilaren 14ko efemeridean, Gaztelugibeleko harresietan. Zure gurasoak izan zitezkeen, eta dira.

Ongi dakite German hil zutela, baina haietako edozein izan zitekeela bala batek jotakoa. Haiek ere ibili baitziren uztailaren 8 hartan Iruñeko kaleetan borrokan, edo poliziarengandik ihes, edo biak. Eta pentsa zenezake horregatik daudela orain, ordutik 47 urtera, orduko gertakariak gogoratzen, horren parte direlako. Baina esandakoa: haiek dira 40 urte lehenago, 1936aren bueltan hildakoen memoria berreskuratzeko saiotan dabiltzanak ere. Eta hortaz, berdin-berdin ibili zitezkeen gaur egungo gazteak 1978ko sanferminak gogoratzeko ekitaldietan ere, ordukoak lehen eskutik ezagutu ez izanagatik.

Errazegia litzateke egungo gazteak lehen bezala borrokatzen ez direla esaten hastea. Gezurra da. Ehunka ikusten dituzu, milaka, etxegabetzeen kontra, borroka feministan, lan prekaritatearen aurka, etxebizitza eskubidearen alde, nahiz eta borroka giro eta testuinguru globalik ez izan, eta, are esanguratsuago, kapitalismoaren alternatiba ukigarririk gabe munduan ia inon, 1978an borrokan aritzen zirenek izan zezaketen ortzimugarekin kontrastean. 

Beraz, kontua ez litzateke hainbeste gazteak non dauden galdetzen ibiltzea, edo, zakarrago, gazteak ez daudela zuzenean salatzea. Kontua da non jaiotzen den egun borrokan ari diren gazteen genealogia, ze katebegiren parte diren, edo ze borrokaren urteurrenean egingo duten topo adatsak urdintzen hasterakoan. Zeren eta toki batean ez egoteak ez du esan nahi ezer, belaunaldi bakoitzak erreferente ezberdinak izan ditzakeela salbu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.