Blanca Urgell

Burdinazko zaldia

2025eko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Asteburuan Bizkaian izan ginen, Zugaztietan, Gallartan eta Pobeñan, hango burdinaren historiaz meatzarien biloba eta birbiloba bati entzuten, begi-belarri.

Araban ere badaude (Atauriko Luzia asfaltozko meategia ikusgai dugu, adibidez), baina lekutan dago Trianoko mendietako hura: azaleko kontuak gorabehera, guztiz ezezagun izan ohi dugu arabarrok, bai eta euskal herritar gehienok ere, nik uste. 

Hura ez da sartzen Mogelen Peru Abarka-tik baserritarrez eta geroago (Txomin Agirreren Kresala-tik?) arrantzalez jantzi zaigun nazio-iruditerian. Ikatza ere hortxe dago, baina burdina ez. Halaz ere, Meatzaritzaren Museoko argazkietako gizon, emakume eta haur haiek, bizimodu hobearen bila esklabotzaren bertsio moderno batean jauzi baziren ere, elkartasunaren indarra frogatu zuten, baita hurrengo belaunaldietako langileei erakutsi ere, bidenabar.

Itzulerako autobusean —betiko lepotik burua— duda sortu zitzaidan burdina, arras gurea eman arren, zergatik ezin azal daitekeen aitzineuskaratik (nola zatitu? bur-din-a? Ezetz dirudi). Hiru hipotesi nagusi izan dira, bata barnekoa eta beste biak kanpokoak. Barnekoa, urdin eta burdina lotzea, inoizka hartzen duen koloreagatik. Fonetikoki erraza da b galtzea, baina badirudi burdinari beltza hobeto legokiokeela: kasurako, sanskritoz āyas ‘metala’ hitzari beltz eransten zaio ‘burdina’ esateko.

Burdina bertan dugu, baina burdingintza Europa mendebal osoan kanpotik etorritakotzat jo ohi da, indoeuropar uhinetako batekin, zeltarekin agian. Hortik tiraka-edo, kanpoko jatorri nagusi bi proposatu dira, Manuel Agud zenak Materiales-en bildurikoaren arabera: latina (ferrum > *berrum) eta kamito-semitikoa (fenizierazko barzäl-etik abiaturik), biak ere oinarri gutxikoak.

«Nork gidatu zuen burdinazko zaldia?» galdetu didate entzungailuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.