Goizalde Landabaso

Egia

2026ko martxoaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Val Kilmer antzezle estatubatuarra iaz hil zen, eta laster bere film berria estreinatuko dute. Sekula errodatu ez zuen filma da, baina senitartekoen baimenarekin, AArekin egin dute Val Kilmerren lan osoa pelikulan. Hozkirri apur bat ematen dit niri neuri. Egunotan aitita zaharra gogorarazi dit bidali didaten Israelgo lehen ministroaren irudiak. Aitita gizon ona zen, ez palestinar genozidioa eta gerra bultzatzen ari den odol-gose bat, baina bidali didaten irudian bezala, aititak esku batean sei atzamar zituen; hortik zetorkion gaitzizena, Amaika.

Itsasgora legez zabaldu da irudiaren ondorioa sare sozialetan: AA bidez egina da eta lehen ministroa hilda dago; edo hil dute. Gero kafetegi batean agertu da gizona kafe bat eskuetan... baina egia ote?

Zer sinistu dezakegu eta zer ez? Zer da erreala? Egia kontzeptu korapilatsua da, eta historian zehar hamaika begirada egon dira hura definitzeko. Teknologiaren garapenak, ostera, egia duna aldakorretan ezarri du, eta jasotzen ditugun albiste eta irudiekin zalantza zabaldu da. Esango nuke post-pandemiaren ezaugarrietako bat ere badela. Eta argi gera bedi, kuestionatzearen aldeko naiz beti, baina AA baino lehen egia argiagoa zela esango nuke, frogagarriagoa. Orain, fikzio bat sor dezaket etxeko ordenagailutik: lagunei Polinesia miretsian nagoela esan, eta Jacob Elordirekin itsasertzeko irudi bat bidal diezaieket, «Begira norekin egin dudan topo!» esaldiarekin. Sinistuko lukete. Zeren truke sakrifikatu dugu egia? Nik, dagoeneko, jasotzen ditudan albiste guztiak benetakoak ote diren berretsi behar dut. Mesfidantza gailendu da, edota konfiantza apurtu da. Egia debaluatuta dago. Pantailekin, egun, zaila da jakitea zer den fikzioa; agian dena da fikzio. Horregatik uste dut, berandu baino lehenago, hezur-haragikora itzuliko garela, soiltasunera, berrets eta frogagarritzat jo ditzakegunetara. Eta gaurko egunez hil zen Jules Verne-k zioen bezala, «ez ezazu pentsa baikorregia naizela; neure herria eta albokoak ezagutzen ditut. Baina seinaleak daude, seinaleak...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!